Heldu askok jolastea umeen aisialdi bezala ikusten dute eta ez diote eman beharreko garrantzi ematen. Hau askotan ikas – geletan islatuta ikus daiteke, uste izaten da ikasteko dagoen era bakarra fitxena eta ariketena bakarrik dela. Hau dela eta, haur hezkuntzan gero eta arinago hasten dira umeak eredu positibista lantzen, hau da fitxak lantzen, ondorioz, jolasari eskaini beharreko denbora murriztua ikusten da.
Umeek jolasaren bidez mundua ulertzen dute eta bertan integratzen dira. Jolasa giza garapenerako funtsezko jarduera da, haurraren garapen integralean eraginkortasunez eragiten baitu, hots, haurraren garapen psikomotor, intelektual, afektibo -emozional eta sozialean. Gainera jolasak komunikazioa, kohesioa, konfiantza eta sormenaren garapena lantzeko tresna oso eraginkorra da.
Jolasak funtzio terapeutikoa ere badauka. lagunekin interakzio arazoak eta beren garapenean bestelako arazoak dituzten haurrak sozialki integratzeko aukera eskaintzen dietelako. Aipatutakoa oinarri, esan dezakegu haurrek elkarrekin jolastuz eta asmatuz onartzeko, errespetatzeko eta partekatzeko aukera izaten dute.
Laburbilduz talde jolasetan ondorengo ezaugarriak behatu ditzakegu:
- Parte-hartzea: taldeko jolasetan guztiek parte hartzen dute. Xedea taldeko helburuak lortzea da, eta horretarako, taldekide bakoitzak beharrezkoa den eginkizuna du jolasaren barruan.
- Komunikazioa: jolas guztiek talde barruko komunikazio prozesuak egituratzen dituzte.
- Kooperazioa: jolas gehienek harreman dinamika estimulatzen dute. Horrek taldeko helburua lortzeko elkarri laguntza ematea dakar.
- Fikzioa eta sormena: errealitatea edo egia “balitz bezala” jolasten da, hots, elefanteak, hegazkinak, piratak edo artistak... bagina bezala, eta elementu berriak sortzeko estimuluak ere konbinatzen dira.
- Dibertsioa: ondo pasatzea: jolas hauen bidez haurrek taldekideekin positiboki eta era konstruktiboan arituz ondo pasa dezaten ahalegintzen gara.